2012/08/17

Espetxeetako Zuzendaritzak Uribetxebarriari hirugarren gradua eman dio

Espetxeetako Zuzendaritzak Josu Uribetxebarriari hirugarren gradua ematea onartu du. Atzo, Arrasateko presoaren diagnostikoa ezagutu berritan, Santiago Pedraz Audientzia Nazionaleko epaileak hirugarren gradua aplikatzeko aukera aztertzeko eskatu zion, Espetxeetako Zuzendaritzari. Gaur goizean, Zaballako espetxeko osasun batzordeak Donostiako Ospitalean presoari egin dizkioten osasun frogen emaitzak aztertu ditu, eta presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizitza arriskuan jartzen duela ulertu dute. Hala Uribetxeberriari hirugarren gradoa ezartzeko idatzizko proposamena egin dute. Arratsaldean, Espetxeetako Zuzendaritzak proposamen hori onartu du. 


Hirugarren graduak hainbat neurri jasotzen ditu espetxealdia arintzeko, eta baldintzapean aske uzteko lehen urratsa da. Espetxeetako Zuzendaritzak baldintzapeko askatasun proposamena onartu behar du oraina. Azken hitza, baina, Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako epaileak izango du, eta erabakia astelehenera arte atzeratu daiteke, Barne ministroak jakinarazi duenez. 
Santiago Pedraz epailea zaintzaldian dago Auzitegi Nazionalean igandera arte, eta hark ordezkatzen du espetxe zaintzako epailea —azkeneko erabakia hartzea dagokion epailea, alegia—. Horregatik, Ainhoa Baglietto Uribetxebarriaren abokatuak goizean aurreratu du baldintzapean aske uzteko prozesua "arintzeko" eskatuko diola Pedraz epaileari, Espetxeetako Zuzendaritzaren erabakia jakin orduko.
Abokatuaren esanetan, ez dago zergatik astelehenera arte itxaron azkeneko erabakia ezagutzeko. "Pedrazek galdegin dio bart Espetxe Zuzendaritzari hirugarren graduaren aukera aztertzea, eta, beraz, Pedrazek argitu behar du auzia" azaldu du defentsak. 
Bitartean, presoa auzitegiko mediku batek ikus dezan agindu du Pedraz epaileak, preso gaixoaren osasun egoeraren inguruko txostena osatzeko. Gainera, Uribetxebarriaren minbizia espetxeko osasun zerbitzuetan artatu daitekeen edo ez jakin nahi du Auzitegi Nazionaleko epaileak. Halaber, beste txosten bat eskatu dio Zaballako espetxeari, presoa jasotzen ari den tratamenduaren inguruan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario