Mostrando entradas con la etiqueta Artikulua. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Artikulua. Mostrar todas las entradas

2012/01/20

MUNDUA BILTZEN DUEN OIHARTZUNA: "EUSKAL PRESOAK..."

JOSU JIMENEZ MAIA - IDAZLEA
Nahi baino urte gehiago daramagu presoen eskubideak aldarrikatzen: urteak, presoen aurkako neurriek senideengan dituzten ondorio larriak salatzen; urteak, estatu espainiar zein frantsesari, beren legea betetzeko eskatzen. Oraindik, ez Madrilek, ez Parisek, ez dute egoera berriaren neurriko urratsik eman: presoen dispertsioak bere horretan dirau; senideek hamaika kilometro egiten jarraitzen dute; hamarnaka euskal presok, Parot doktrinaren ondorioz, hil arteko zigorra betetzen jarraitzen dute; eta gaixotasun larriekin dauden hainbat presok baldintza kaxkarretan jarraitzen dute.

Ruper Ordorikak kantuz diosku: "Zure onenean ez zaudenean desiratzen iragan dadin eguna, entzun nahi zenuke mundua biltzen duen oihartzuna. Mundua biltzen duen oihartzunak den guztia edertzen du, lehorra eta itsasoa, argia eta iluna"
Mundu bat bildu ginen urtarrilaren 7ko Bilboko manifestazioan. Eta 110.000 lagunen ahotsen oihartzuna oraindik ez da itzali. Eta urtarrilaren 7koa abiapuntu baizik ez da. Zilegi eta ezinbestekoa da Euskal Preso Politikoen eskubideen errespetua exijitzea, hala nola dispertsioaren amaiera, eta preso guztien Euskal Herriratzea, baita gaixotasun larriak dituzten presoak eta zigorra beteta dutenak ere askatzea.
Nazioarteko adituen adierazpena ezin argiagoa da: "Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea, konfrontaziorako estrategia gisa erabili da-eta. Era berean, honako neurri hauek hartzea, amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere egon ez dadin".
Izan ere, munduan eman diren prozesu politiko anitzetan bezala, Euskal Herrian ere preso politikoen errealitateari konponbidea eman behar zaio. Myanmarren, laugarren amnistia eman berri du Gobernuak eta 651 preso askatu ditu oraingo honetan, prozesua bultzatzeko; Nazio Batuen Erakundeak txalotu egin du neurria. Orobat, hemengo prozesuan ere parte izan behar dute, ziklo bat behin betikoz ixteko eta etorkizunean aske eginen gaituen ziklo berria zabaltzeko.
Anitzen arteko bat, Karlos Apeztegia nafarra; 1992ko urtarrilaren 30ean hartu zuten Iruñeko Irritzi dorretik eta laster beteko ditu 20 urte gatibu, etxetik 1000 kilometrora. Orain, Cadizen, Puerto IIn; lehen, Huelvan, baina baita Puerto IIIn, Malagan, Melillan, Valdemoro, Granadan eta Herreran. 20 urte hauetan zehar bildu ditudan bere eskutitzak altxorrak dira niretzat, eta duintasuna zertan datzan erakutsi didate haren eskutitzek. Bihoakie Bego emazteari eta Iraitz alabari, hala nola Jaime eta Asun gurasoei, musu handi bana, eta jarrai dezagun etxerako bidea egiten: egoera hau errotik aldatzeko eta atzerapenik gabeko urratsak emateko garaia da.
Eta Ruperren kanta, gogoan: "Mundua biltzen duen oihartzuna osatu nahi luke kantuak, nola milaka izarren argitasunak osatzen duen zerua. Gerezi alaietako egunetan, amets gaiztoetako gauetan, lagun leiala duzu munduan biltzen duen oihartzuna."
"Euskal presoak..." 110.000 ahotsen oihartzunak ihardespena dakarkigu atzera:"etxera!"

2011/09/15

BERRI DESBERDIN BAT. IRAKURTZEKO MODUKOA...



Guztiok dugu ezaguna irudi hau. Orain dela gutxi bilbon egin zen manifestazioaren irudia da "Nazioa gara, inposaketarik ez!" lelopean. Orain ikusi beheragoko argazkia. EL MUNDO egunkariak argitaratutako argazkia.


Lotsagarria, ezta? honen aurrean Espainia osoko jende asko EL MUNDOren aurka jarri zen, umorez beti ere, "ETA" osatzen duten hiru hizkiak barnean dituzten hitzak idatziz. Sevilla, Burgos, Madrid... alderdi guztietatik idatzi zuten. Hona hemen jendeak idatzitako mezuen adibide batzuk:











Gauzak horrela, Pedro J. Ramirezek bere horretan jarraitu zuen:



EN FIN...

2011/08/22

'GARA' EGUNKARIKO ARTIKULU BAT

Xabier Silveira bertsolariak 'Gara'n idatziriko artikulua joan den abuztuaren 19an.


Iparra galdu barik
Atera dezagun Ibon zulotik, atera ditzagun presoak kartzeletatik eta ekar ditzagun, Euskal Herriak zein norabide hartuko duen erabakitzeko hastear den prozesu honetan parte har dezaten
Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteek jakitera eman zutenez, Ibon Iparragirre ondarrutar preso politikoaren osasun egoera oso larria da eta berehala aske uzteko eskatu dute. Ibon seropositiboa da orain dela hogei urtetik eta askatasunean egon den bitartean analisi guztietan defentsak 500etik gora eduki baditu ere, azken hilabeteotan defentsak 65era jaitsi zaizkio eta bere osasun egoerak okerrera egin du, hiesa garatu egin baitzaio. Honek eragin du destinuko espetxeko bertako -Sevilla II- osagileak 104.2 artikuluaren aplikazioa eskatzea, gaixotasun larri eta terminalak dituzten presoei baldintzapean aske geratzeko aukera ematen diena. Hala ere, Ibonek kartzelan jarraitzen du.
Une honetan Ibon oso ahul dago. Kartzelatu zutenetik isolamendu egoeran egunero-egunero 21 ordu igarotzen ditu hamar metro karratu eskas dituen ziega baten barruan. Beste muga askoren artean, kartzelako ekonomatoan ez dago frutarik, ezta ezti-jelerik, eta kanpora eskatu behar izaten da, horrek dakartzan oztopo eta atzerapenekin. Azken lau hilabeteetan bi aldiz trasladatu dute Madrilera audientziak eta epaiketak direla eta. Ekainaren 23an, Ibonek medikuarekin kontsulta hitzartuta zeukan Donostiako ospitaleko barne-medikuntza zerbitzuan azterketa oso bat egiteko. Zaintzako Epaitegiak ere ez zuen trabarik jarri, baina hala ere, Ibon ez zuten Valdemoroko espetxetik Donostiara eraman, berriz Sevillara baizik. Uztailaren 20rako beste txanda bat eman zioten Donostiako ospitalean, baina ez zuten ekarri. Badirudi zerraldo ez bada ez dutela ekarri nahi. Erranen nuke Ares torturatzaileak hainbeste mediatizatu eta gozatu zuen Ertzaintzaren lehenengo ETAren aurkako operazio hark zabalik jarraitzen duela eta Ibonen hiletan bere familia egurtzen dutenean bukatuko dela.
Ibonen bizia bera baitago kolokan, Ibonen bizia eta Euskal Herriaren duintasuna eta ohorea ere bai (biak bereizten dakienik baldin bada). Herriagatik bizitza ematen duten seme- alabak ahanzten dituen herriak ez duelako ez herri izaerarik ez ezer merezi. Orain, eta ez Ibonekin bakarrik dugun zorragatik, gure txanda da, guri tokatzen zaigu beraiek etxera bueltan ekartzea. Lehenbizi larriki gaixoturik daudenak, bizirik etxeratzea delako helburua, eta jarraian beste guzti-guztiak bakar bat ere barruan utzi gabe. Bat ere ez.
Euskal Herriak bizi duen une historiko honetan hitzartutako Gernikako Akordioan oinarrituz, IparraGalduBaik plataforma sortu berriak Ibon lehenbailehen aske uztea exijitzen du eta hori lortzeko ekimena jarri du abian parte hartu nahi duen orori ateak zabaltzen zaizkiolarik.
Atera dezagun Ibon zulotik, atera ditzagun presoak kartzeletatik eta ekar ditzagun Euskal Herriak zein norabide hartuko duen erabakitzeko hastear den prozesu honetan parte har dezaten. Gu ez baikara inoiz aske izango beraiek preso badaude. Ez dituztelako ekarriko gu bila joan gabe. Etxerat!
XABIER SILVEIRA
GARA; 2011/08/19