Agerraldian irakurri den testua:
Gaurko agerraldiaren funtsa oso argia da: Ibon Iparragirre berehala askatu behar dutela exijitzeko bildu gara. Ondarruko presoa larri gaixo dago, duela 20 urte GIB birusarekin kutsatuta dago, eta azken hilabete eta asteetan bere egoerak okerrera egin du nabarmen.
Bere defentsak era nabarmenean jaitsi dira eta osasun egoera oso oso larrian dago. Atzo, sukarrak jota zegoela, Basauriko espetxetik Basurtuko Ospitalera eraman zuten. Berta ingresatuta dago une honetan eta medikuek birikietako infekzio bat detektatu diote.
Osasun asistentzia egokia eta iraunkorra behar du, edozein kutsatze atzeraezina bilakatu baitaiteke. Ezin du preso egoten jarraitu ezta minutu bat bera ere. Ibonen bizitza jokoan dago.
Gogor salatu behar dugu Ibon Iparragirre eta bere senideak Instituciones Penitenciarias eta Ertzaintzaren partetik jasotzen ari diren tratua. Basurtuko Ospitalera trasladatu zutenetik, familiak ezin izan du berarekin egon. Ertzaintzaren jarrera, osasun egoera larri batetan egonda ere etzikioten eskuburdinak kendu, onartezina da. Abokatuari ere mota guztietako trabak jarri dizkiote Ibonekin egoteko, demokrazia eta oinarrizko giza eskubideak urratzen diren Estatuetan suertatzen den gisara.
Abokatuak 20 minutu eskas eman zituen atzo Ibonekin. Denbora horretan ezin izan zuen preso ondarrutarra ukitu eta gelan bi ertzainen presentzia etengabekoa izan zen. Eskubide urraketa lazgarri honen aurrean, Alfonso Zenon abokatuak salaketa jarri zuen Bilboko Goardia Epaitegian. Egoera benetan sumingarria da.Ibon bakarrik dago, isolaturik, komunik gabeko gela batetan. Komunera joan ahal izateko, ertzainei baimena eskatu behar die. Behin baimena eskuratuta, ertzainek Iparragirre komun barruraino jarraitzen dute. Ez du deiak egiteko eskubiderik, ezta Ospitalean ematen ari den denbora eramangarriago egiteko beste elementurik.
Ibonen bizitza arrisku larrian dago, baina Espetxetako Zuzendaritzakez du inolako aurrerapausurik ematen, polizia autonomikoak traba ugari jartzen ditu eta Ibon Iparragirre eta bere senideen eskubideak nabarmen urratzen ari dira.
Espetxe politikaren aurpegirik ankerrenaren aurrean gaude. Gure senide eta lagunen bizitzak arrisku larrian jarriz eta eskubide urraketa muturreraino eramanez. Espainiar Gobernuak eta Espetxetako Zuzendaritzak egun Europa osoan indarrean dagoen bortizkeria politikorik handiena aplikatzen dute, euskal preso politikoei aplikatzen zaien espetxe politika.
Espetxe politikak ezin du konponbide demokratiko, bake eta eskubide urraketarik gabeko agertoki baten ukazioa betikotzeko armategia izan. Eskandalu politiko erraldoia, Giza Eskubideen alorrari dagokionez sekulako drama eta euskal jendartearen gehiengoaren nahia eta borondatearen kontrako eraso larria da espetxe politika.
Une honetan, Ibon Iparragirreren bizitza jokoan dago eta espainiar Estatuak eta Espetxetako Zuzendaritzak ez dute ez gizatasunik ezta bakearen, giza eskubideen eta demokraziaren balorekiko inolako errespeturik erakusten.
Izan ere, Euskal Herrian hainbat eragileek eskubide guztiak errespetatu eta bermatuko dituen konponbide demokratiko baten alde burubelarri egiten dugunean, espainiar Gobernuaren jarrerak Ibon Iparragirreren eskubideak bortizki urratzu eta bai presoari bai bere ingurune hurbil osoari sekulako sufrimendua eragiten ari da.
Egoera honekin amaitu behar dugu. Bai Ibon Iparragirre, bai gaixo dauden beste preso gaixoak berehala askatu behar dituzte. Eta horrekin batera, espetxe politikak errotik aldaketa behar du, oinarrizko eskubideak urratu eta euskal jendartearen gehiengo zabal baten nahia mezpresatu egiten baitu.
Hortaz, Etxerat Elkarteak bat egiten du igande honetan 12:30tan Ondarroan burutuko den manifestazioan. Horrekin batera, mezu argi bat helarazi nahi dugu: Etxerat Elkarteak indar eta gogo biziz lanean jarraituko du gure senide eta lagun presoen eskubideen alde. Etxean eta bizirik nahi ditugulako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario