2011/12/27

ZUNBELTZ LARREAREN ESKUTITZA

Datorren urtarrilaren 7an, urtero bezala, euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazioa egingo da Bilbon, baina oraingo hau ez da aurrekoetan egin diren bezalako manifestazioa; oraingoa ezberdina da, Euskal Herria benetako bakea lortzeko bidea egiten ari den unean gauzatuko den manifestazioa da hau. Horregatik da ezberdina.
Abenduaren 30ean Durangon, eta urtarrilaren 7an Bilbon, euskal presoen eskubideen defentsa egingo da; euskal preso politikoen eskubideak errespetatuak izan daitezen aldarrikatuko da, baina hori ez da izango guztia. Bi data hauetan, zabaldu den bake prozesuaren alde egingo da, bake justu baten alde, Euskal Herriari dagozkion eskubide guztiak onartuko dizkion bakearen alde. Finean, gure etorkizuna modu aske batean hautatzeko eskubidea eskainiko digun bake baten alde egingo dugu. Bilbo eta Durangoko kaleetan presoen eskubideak, eta bake justu bat aldarrikatuko dira, biak eskutik doazelako, presoen eskubideak bermatzeak, eta presoen aldarrikapenak onartzeak nahi eta behar dugun bake horretarako gerturatzen gaituelako. Beharrezkoak dira preso gaixoen etxeratzea, 197/2006 doktrinaren desaktibatzea eta zigor osoa betea duten presoen kaleratzea; beharrezkoa da baita, 3/4ak eta 2/3ak bete dituzten presoen kaleratzea. Hala nola, beharrezkoa da dispertsio politikarekin amaitzea, EPPKri estatus politikoa onartzea bake prozesuan parte aktibo izatea bermatuz. Beharrezkoa da, azkenerako, espetxeetan euskal preso politikorik ez geratzea. Gatazka latz hau atzean uzteko neurri guzti horiek ahalik eta arinen hartu behar dira; ezinbestekoak dira bake bidean aurrera pausoak emateko, eta alde humanotik ere oso beharrezkoak dira.
Guzti honengatik, Castellongo espetxetik abenduaren 30eko eta urtarrilaren 7ko manifestazioetan parte hartzera animatzen zaituztet; presoen eskubideen alde borrokatzera, amnistiaren alde borrokatzera, eta are gehiago, egunero zuen ikastetxe, lantegi, auzo eta herrietan guzti horren alde lan egitera animatzen zaituztet. Ziur izan guk etenik gabe borrokatuko dugula; guztion indarrarekin lortuko dugu!
Besarkada bat.
Autodeterminazioa eta amnistia!
Euskal preso eta iheslariak etxera!
Gora Euskal Herria askatuta!
Zunbeltz Larrea
-Euskal preso politikoa-

No hay comentarios:

Publicar un comentario