17:30etan Donostiako Antiguako tuneletik
Egin Dezagun Bidea euskal preso politikoen eta iheslarien eskubideen alde hainbat sektoreen eta pertsonen babesa jaso duen ekimena da. Milaka lagunek bat egin dute ekimen honekin, eta horren isla dira Euskal Herri osoan barrena sortzen ari diren Bilgune parte hartzaileak, askotariko indarrak batu eta euskal presoen eskubideen alde iniziatibak garatzeko.
Euskal Herrian aro politiko berri bat zabaltzen ari den honetan, euskal preso politikoen egoerak bere horretan jarraitzen duela salatu behar dugu. Zaharrak berri, Espainiako eta Frantziako kartzeletan.
Egin Dezagun Bidea ekimenak, kartzela politika errepresio irizpideetatik konponbide klabeetara aldatzea aldarrikatzen du, bakea eta konponbide demokratikoa garatzeko prozesua, preso eta iheslariak etxera ekartzeko prozesua ere izan dadin.
Bide horretan, urrats garrantzitsu bat eman behar dela uste dugu: Euskal Preso politikoak, zor zaizkien eskubide guztiekin Euskal Herrian batzea, konponbide prozesuan parte har dezaten, inolako trabarik gabe. Ildo horretan, beharrezkoa deritzogu Gernikako Akordioa eta EPPK -ren mintzakidetzaren arteko interlokuzioa galarazten duten neurriak desagertzeari, eta Espainiako Gobernuari dei egiten diogu Euskal Herrian gehiengo handi batek duen bake eta konponbide nahiari galarazpen eta trabak jartzeari utz diezaion.
Edonola ere, datozen asteetan erronka saihestezin bat du herri honek, eta horren jabe egin nahi dugu jendarte zabala, bai eta mota guztietako eragileak, alderdi politikoak eta instituzioak ere. Izan ere, euskal preso politikoen kondenak luzatzeko Auzitegi Gorenak indarrean jarritako dotrina indargabetzeko momentu garrantzitsuan aurkitzen gara. Auzitegi Konstituzionala une batetik bestera hasiko baita errekurtsoak aztertzen. Euskal Herrian behin eta berriro dotrina hau indargabetzea aldarrikatu badugu, exijentzia hau lortzeko eta kondena bete duten presoak behingoz kaleratzeko indar handia egitea da une honek eskatzen duena. Alderdi, sindikatu eta instituzioak zitalkeria honen aurrean irmoki aldarrikatu behar dituzte eskubideak, eta herritarrok gara benetan, gure indarrak bilduz eta mobilizazio erraldoi bat antolatuz, bizi arteko zigorra ezartzeko dotrina hau betirako desagertzea lortu dezakegunok.
Gogora ekarri nahi dugu Espainiako gobernuak Euskal Preso Politikoen aurka faktikoki bizi arteko zigorra ezartzeko neurriak ezartzen joan dela azken urteotan. 2003ko kode penal berrian 30etik 40 urtera luzatu zuen gehienez betetzeko kondena. Lehendik ere, asmo berari jarraiki, erredentzioak desagerrarazi eta kondenaren 3/4ak beteta ere preso politikoei askatasun kondizionala ukatzen zitzaien jada. Kode penal zaharrarekin zigorturik, kondenak beteta edo betetzear zituzten preso politikoak kartzelan mantentzeko helburuarekin, zigorra luzatzeko dotrina asmatu eta indarrean jarri zuen Auzitegi Gorenak. Orduz geroztik guztira 71 preso politikoei aplikatu zaie dotrina hau. Espainiar konstituzioan ez dago kontenplaturik bizi arteko zigorra, baina euskal preso politikoei berariaz ezartzeko salbuespen neurriak ezarriz joan dira, eskubideen ikuspegitik legezko ez direnak, kondena bete dutenen bahiketa baita gertatzen ari dena. Hartara, bizi arteko zigor faktiko honek duen larritasuna azpimarratu nahi dugu. Oinarrizko askatasun eskubidearen aurkako irizpidea da, giza eskubideen ikuspegitik onartezina dena edonolako koiunturatan. Baina gainera, bakea eta demokrazia eraikitzeko aro berri batean aurka jotzen duen neurria da. Izan ere, gatazka konpontzea eta preso politikoak izaten jarraitzea bat ez datozen egoerak badira, presoak betirako kartzelan mantentzeko salbuespeneko trikimailu guztiak bakearen eta konponbide demokratikoaren aurkako neurriak dira, urgentziaz indargabetu beharrekoak.
Emergentziazkoa da era berean gaixotasun larriak dituzten presoek bizi duten egoera. Txus Martin eta Ibon Iparragirre dira egoera horien aurpegirik gordinenak, beraien bizia ere arriskuan baitago. Hamar preso politikok gaixotasun larriekin espetxean jarraitzen dute. Beste zortzi etxean dira, kontrol neurri zorrotzekin. Gaixorik diren preso guztiak kalera ateratzea ere, giza eskubideekiko begirunerik txikiena dugun guztiontzat urgentziazko helburu behar du izan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario