Iparra galdu barik
Atera dezagun Ibon zulotik, atera ditzagun presoak kartzeletatik eta ekar ditzagun, Euskal Herriak zein norabide hartuko duen erabakitzeko hastear den prozesu honetan parte har dezaten
Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteek jakitera eman zutenez, Ibon Iparragirre ondarrutar preso politikoaren osasun egoera oso larria da eta berehala aske uzteko eskatu dute. Ibon seropositiboa da orain dela hogei urtetik eta askatasunean egon den bitartean analisi guztietan defentsak 500etik gora eduki baditu ere, azken hilabeteotan defentsak 65era jaitsi zaizkio eta bere osasun egoerak okerrera egin du, hiesa garatu egin baitzaio. Honek eragin du destinuko espetxeko bertako -Sevilla II- osagileak 104.2 artikuluaren aplikazioa eskatzea, gaixotasun larri eta terminalak dituzten presoei baldintzapean aske geratzeko aukera ematen diena. Hala ere, Ibonek kartzelan jarraitzen du.
Une honetan Ibon oso ahul dago. Kartzelatu zutenetik isolamendu egoeran egunero-egunero 21 ordu igarotzen ditu hamar metro karratu eskas dituen ziega baten barruan. Beste muga askoren artean, kartzelako ekonomatoan ez dago frutarik, ezta ezti-jelerik, eta kanpora eskatu behar izaten da, horrek dakartzan oztopo eta atzerapenekin. Azken lau hilabeteetan bi aldiz trasladatu dute Madrilera audientziak eta epaiketak direla eta. Ekainaren 23an, Ibonek medikuarekin kontsulta hitzartuta zeukan Donostiako ospitaleko barne-medikuntza zerbitzuan azterketa oso bat egiteko. Zaintzako Epaitegiak ere ez zuen trabarik jarri, baina hala ere, Ibon ez zuten Valdemoroko espetxetik Donostiara eraman, berriz Sevillara baizik. Uztailaren 20rako beste txanda bat eman zioten Donostiako ospitalean, baina ez zuten ekarri. Badirudi zerraldo ez bada ez dutela ekarri nahi. Erranen nuke Ares torturatzaileak hainbeste mediatizatu eta gozatu zuen Ertzaintzaren lehenengo ETAren aurkako operazio hark zabalik jarraitzen duela eta Ibonen hiletan bere familia egurtzen dutenean bukatuko dela.
Ibonen bizia bera baitago kolokan, Ibonen bizia eta Euskal Herriaren duintasuna eta ohorea ere bai (biak bereizten dakienik baldin bada). Herriagatik bizitza ematen duten seme- alabak ahanzten dituen herriak ez duelako ez herri izaerarik ez ezer merezi. Orain, eta ez Ibonekin bakarrik dugun zorragatik, gure txanda da, guri tokatzen zaigu beraiek etxera bueltan ekartzea. Lehenbizi larriki gaixoturik daudenak, bizirik etxeratzea delako helburua, eta jarraian beste guzti-guztiak bakar bat ere barruan utzi gabe. Bat ere ez.
Euskal Herriak bizi duen une historiko honetan hitzartutako Gernikako Akordioan oinarrituz, IparraGalduBaik plataforma sortu berriak Ibon lehenbailehen aske uztea exijitzen du eta hori lortzeko ekimena jarri du abian parte hartu nahi duen orori ateak zabaltzen zaizkiolarik.
Atera dezagun Ibon zulotik, atera ditzagun presoak kartzeletatik eta ekar ditzagun Euskal Herriak zein norabide hartuko duen erabakitzeko hastear den prozesu honetan parte har dezaten. Gu ez baikara inoiz aske izango beraiek preso badaude. Ez dituztelako ekarriko gu bila joan gabe. Etxerat!
XABIER SILVEIRA
GARA; 2011/08/19
GARA; 2011/08/19
No hay comentarios:
Publicar un comentario